Obozito-ematea

Zenbaitetan, pazientearen obulutegiek ez dute obulurik edo kalitate txarrekoak dituzte, eta emaile baten obuluak erabiltzea gomendatzen da. Laguntza bidezko ugalketako prozeduren artean arrakasta-tasarik (emaitzarik) onenak dituena da, eta, gainera, pazientearen adinak ez du arrakasta murrizten.
Reproducción Bilbao-n, osasun-azterketa genetiko eta psikologiko zehatza egiten da obuluen emaileak hautatzeko, eta emaile bakarra erabiltzen da paziente bakoitzeko. Obuluak (eta, oro har, gametoak) emateko aukera legez araututa dago, eta modu anonimo eta altruistan egiten da. Umea sabelean hazi duen amaren seme edo alaba gisa inskribatzen da jaioberria.

Emaile egoki bat esleitu ondoren (horretarako gaixotasun errezesiboen matching genetikoa egin da, aurrerago ikusiko dugun bezala, baita azterketa fenotipiko bat –Fenomatch ®– ere, emakumearentzat egokiena den emailea esleitzeko), oso erraza da emakume hartzailearen tratamendua: endometrioa prestatzeko ahozko tratamendu batean datza. Nahikoa da kontrol ekografiko bat egitea. Une jakin batean, bikoteak semena entregatu ondoren (bikotekidearen semena erabiltzen den kasuan), enbrioi-transferentzia egiten da. Transferitu ez diren kalitate oneko enbrioiak badaude, bitrifikatu egiten dira.
Reproducción Bilbao-n, emailearen DNA dugu kriobanku batean. Emailearen DNA eskuragarri izateak etorkizunean beharrezkoa izan daitekeen azterketa genetikoren bat egitea ahalbidetzen du.

Obulu-emaileen hautaketa:

  • Legeria: Obulu-ematea 14/2006 Legeak (Laguntza bidezko Giza Ugalketako teknikei buruzko Legea, maiatzaren 26koa) eta 412/1996 eta 1301/2006 Errege Dekretuek arautzen dute.Haiek ezartzen dutenez, gametoak ematea borondatezkoa, formala, anonimoa eta altruista da Espainian.
    Emailea adinez nagusia da, eta Reproducción Bilbao-rekin egindako kontratu bat sinatzen du idatziz. Obulu-ematea anonimoa da, eta emailearen zein pazientearen konfidentzialtasuna bermatu behar da.
    Lege-testu horrek, halaber, emateko egintzaren ondoriozko gastuei eta eragozpenei erantzuteko konpentsazio bat aurreikusten du.
  • Osasun-azterketa: Emaile potentzialei osasun-azterketa bat egiten zaie, honako hauek barnean hartuta: historia klinikoa, miaketa fisiko orokorra, ginekologikoa eta bularretakoa, eta odol-analitika osoa.
  • Azterketa genetikoa: maile potentzialen azterketa genetikoa egiten da, kariotipo bat eta mutazio genetikorik ohikoenak baztertzeko analisi bat barnean hartuta. Reproducción Bilbao-n, gainera, emailearen mutazio errezesiboen azterketa genetikoa egiten dugu. Azterketa hori bidezkoa da, sistematikoki egiten da gure zentroan, eta emakume hartzailearen bikotekideari egindako azterketa berarekin batera, ondorengoei nahasmendu genetiko jakin batzuk ez transmititzea ahalbidetzen du.
  • Azterketa psikologikoa: Gure psikologiako espezialistek azterketa psikologiko sakona egiten dute.
  • Tratamendua: Obuluak emateko prozesua laguntza bidezko ugalketako zentro homologatu bateko osasun-berme guztiekin egiten da gure zentroan.

Prozesu osoak 14-16 eguneko iraupena du gehienez, eta bi bisita egin behar dira klinikara kontrol ekografiak egiteko, beste bisita bat ziztada egiteko (bikotekideak ere joan behar du, semen propioa erabiltzen bada), eta beste bat transferentziarako.

Haurdunaldi-proba (tratamenduaren barruan) 10-12 egunetan egingo da. Era horretan, hilabete baino lehen, emakumeak haurdun dagoen ala ez jakingo du.