Umetoki barneko intseminazioa

Umetoki barneko intseminazioak ugalketa naturala antzeratzen du, eta emakumearen umetokian espermatozoide mugikorren kantitate jakin bat ipintzean datza. Era horretan, emakumeak obulatutako obozitora (edo obozitoetara) iristeko aukera errazten da, ernalketa Falopioren tronpan gerta dadin, ugalketa naturalean bezalaxe.
Umetoki barneko intseminazioa emakumearen ziklo naturala aprobetxatuta egin daiteke (tratamendurik gabe eta zikloa monitorizatuz, obulazioaren unea egiaztatzeko), edota ziklo estimulatu batean (obozito baten baino gehiagoren liberazioa lortzeko eta, era horretan, arrakasta-aukera handiagoak izateko).

Tratamendu sinplea da, eta ez da behar ebakuntza kirurgikorik, ezta atsedenaldirik ere.

Ziklo estimulatuen kasuan, tratamenduak 10-12 eguneko iraupena izan ohi du, eta ekografia bat edo bi egiten dira aldi horretan. Obulazioa eragin ondoren, semen-lagin bat prestatzen da (bikotekidearena edo, hala badagokio, emailearena), umetokiaren barruan ipintzeko. Prozesu hori kontsultan egiten da, eta sinplea da.
Umetoki barneko intseminazioa bikotekidearen semenarekin edo hautatutako emaile batenarekin egin daiteke Bi kasuetan, emakumearen ugaltze-aparatua tronpa iragazkorrekin egokitu behar da.

  • Bikotekidearen semenarekin egindako umetoki barneko intseminazioa: ebaluazio diagnostikoaren arabera emakumearen ugaltze-aparatua normala denean eta semenaren alterazio arina edo ertaina dagoenean erabiltzen da. Halaber, sexu-harreman osoak eduki ezin dituzten bikoteen kasuan gomendatzen da, betiere semenaren alterazio larririk ez badago.
  • Emailearen semenarekin egindako umetoki barneko intseminazioa: bikotekidearen semena erabili ezin denean (gizonezkoaren azoospermia jariatzailearen kasuetan) eta gizonezko bikotekiderik ez duten emakumeen kasuan (bakarrik dauden emakumeen edo emakume lesbianen kasuan) gomendatzen da.

Tratamenduaren emaitzak hainbat faktoreren araberakoak izango dira. Faktore horien artean, emakumearen adina eta tratamenduaren indikazio egokia dira garrantzitsuenak. Ahalegin kopuru jakin bat ezartzen da (4 edo 3, kasuaren arabera). Ahalegin horien ondoren, haurdun geratzerik izan ezean, beste tratamendu bat jartzen da.